Objektu arrotzak kanporatzeko sistema berezia dute zuhaitz-igelek

Objektu arrotzak kanporatzeko sistema berezia dute zuhaitz-igelek
2010/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Bignoter)

Gorputzeko barrunbeetan dituzten objektuak maskurira xurgatu, eta gernuarekin kanporatzeko gai dira

Australiako Charles Darwin Unibertsitateko ikertzaileek deskubritu dute: zuhaitz-igelak gai dira barrunbeetan dituzten objektuak (arantzak, intsektuak...) maskurira bideratu, eta handik gernuarekin batera gorputzetik kanporatzeko. Besteak beste, horrek azaltzen du nolatan diren gai eztenak dituzten intsektuak osorik jateko eta arantzaz betetako oihanetan bizitzeko.

Horrez gain, albistea interesgarria da landa-azterketak egiten dituzten ikertzaileentzat. Izan ere, sarritan, transmisore txikiak jartzen dizkiete igelei, jarraipena egiteko. Eta gertatu izan zaie sabelean jarritako transmisoreak, adibidez, lurrean agertzea hilabete batzuk geroago. Hain juxtu, horrelako kasu bat gertatu ondoren erabaki zuten Charles Darwin Unibertsitateko ikertzaileek igelak laborategian aztertzea. Eta orduan deskubritu zuten zuhaitz-igelek erabiltzen duten sistema.

Maskuriaren bidez ez bada ere, beste espezie batzuek ere badituzte antzeko sistemak objektu arrotzak kanporatzeko. Esaterako, suge eta arrain batzuek gorputzetik hesteetara xurgatzen dituzte objektuak, eta gorotzekin batera iraizten dituzte.

1
261
2010
2
016
Zoologia; Biologia
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila