Intsektuek aerodinamikaren legeak hautsi egiten dituztela dirudi. Airean dabilen edozein hegazkin gobernatzen duten printzipio fisikoak onartzen baditugu, intsektuek ez lukete airen hegan egiterik. Beren hegoek eragiten duten indarra teorian ez da aski lurra utzi eta aireratzeko, baina hala ere hegan egiten dute.
Britainia Handian Cambridge-ko zoologoek airean zergatik mantentzen diren jakin ahal izan dute. Behar adinako goranzko indarra nondik lortzen duten jakiteko, ikertzaile britainiarrek intsektuen hegoen inguruan sortzen diren zurrunbiloak aztertu dituzte. Lehenbizi aire-korrontean esfinge izeneko tximeletak hegan eduki dituzte. Kearen bidez ikusten zen tximeleten hegoen inguruan airea nola ibiltzen zen, baina sistema horren bidez beren hegaldiko mekanismo aerodinamiko finenak ezin ziren ikusi.
Ikerlariek beraz, eredu mekanikoa prestatu dute; tximeleta baino hamar aldiz luzeagoa eta zabalagoa den robot modukoa osatu dute, baina hegoak maiztasun txikiagoaz astintzen dituena. Horrela ikusi ahal izan dute hegoen aurreko ertzaren inguruan zurrunbilo txikiak sortzen direla. Zurrunbilo horiek hegoen mutur aldera joaten dira gero eta gehiago zabalduz eta egonkortu egiten dira. Zurrunbilo horiek dira intsektuari hegan egiteko behar duen goranzko indarra ematen diotenak.