Neutrino astunaren inguruan

Azken bost urte honetan, materiaren oinarrizko partikulak aztertzen diharduten laborategietan mamu bat dabil bueltaka, neutrinoa dela eta ez dela. Neutrinoa da Unibertsoko materia-partikula ugarienetakoa, eta bere ezaugarrietako bat hormak edo solidoak erraz zeharkatzea da. Lurra aldenik alde inolako oztoporik gabe igaro dezake, adibidez.

Fisikariek partikula bitxi honek masarik ez duela edo ia batere masarik ez duela diote. John Simpson fisikariak ordea, neutrinoek 17.000 elektronvolteko (hori da partikulen masa adierazteko erabiltzen den unitatea) masa zutela aditzera eman zuen eta harez gero hor dabiltza fisikariak Simpsonen saiakuntza eginez. Batzuek neutrino astuna (masaduna) aurkitu dute, eta beste batzuek ez.

Orain ordea, Frantzian Grenoble-ko Laue-Langevin Institutuko ikerlari-talde batek eztabaida hasi zenez geroko saiakuntzarik zehatzena burutu du, lutezio 177 elementuaren desintegrazioan oinarrituz. Ondorioa garbia da: % 80ko probabilitatea dago neutrino astuna topatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila