Andeetan bizi diren nekazariek betidanik begiratu izan diete Pleiadei, Taurus konstelazioko izar-kumulu irekiari. Izar horiek ekainean nola ikusten direnaren arabera, patatak lehenago edo geroago ereingo dituzte. Ekainean Pleiadeak garbi ikusten ez badira, urtaro lehorra datorrenaren seinale omen da; hori ikusita, ereite-data atzeratu egiten dute nekazariek, euri berankorrak uzta busti dezan.
Kaliforniako eta Columbia Unibertsitateetako ikertzaileek herri-jakintza horrek oinarri astronomikorik duen edo ez ikertu dute, eta Andeetako nekazariak zuzen dabiltzala ikusi dute. Dirudienez, Pleiadeak atmosferan cirrus-ak, altuera handiko hodeiak, daudelako ez dira garbi ikusten eta hodei horiek El Niño fenomenoaren iragarleak omen dira. El Niñok Andeetako euriteak eteten ditu iritsi eta hilabete gutxira.