Neanderthalak eta Cro-Magnonak gurutzatu al ziren?

Orain sei urte Portugalen aurkitutako eskeleto batek bai Cro-Magnonen eta bai Neanderthalen ezaugarriak ditu, eta antropologo-talde amerikar baten ustetan gizaki hibridoa izan liteke, Cro-Magnona eta Neanderthala gurutzatzearen ondorioz sortua.

Eskeletoak 24.500 urte inguru ditu eta 4 urte inguruko haurrarena da. Haur honen eskeletoaren ezaugarriak aztertu ondoren, zientzialariek ezin izan dute espezie jakin baten barruan sailkatu, zituen ezaugarri nahasiak zirela eta. Azkenik, ez espezie batekoa eta ez bestekoa dela konturatu dira; bien arteko nahastea baizik.

Antropologiako teoria onartuenaren arabera, Cro-Magnona Afrikan garatu zen eta Europara iritsitakoan Neanderthala kanporatu egin zuen, berarekin inongo elkarrekintzarik izan gabe. Portugalen aurkitu den eskeletoak ordea, teoria honen aurkako froga eskaintzen du eta, beraz, Cro-Magnonaren jatorriari buruzko teoria nagusia alda daiteke. Teoria honen arabera Cro-Magnon Afrikan garatu zen eta duela 100.000 urte beste kontinenteetara zabaldu zen. Teoria honi “Out of Afrika” deitzen diote. Eskeletoa Lisboako iparraldean dagoen Lapedo haranean aurkitu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila