Datazio berriek erakutsi dute neandertalen fosilak uste baino zaharragoak direla.
Neandertalak uste baino lehenago desagertu ziren, PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera. Horrenbestez, neandertalek eta gizaki modernoek Europan topo egiten zutelako irudia faltsua da.
Irlandako Cork eta Britainia Handiko Oxford unibertsitateetako arkeologoek eta Errusiako Historiaurre Laborategiak elkarlanean egin dute PNAS en azaldu den ikerketa. Ikerketa horretan, Oxford Unibertsitatean garatutako datazio-metodo bat erabiliz, Kaukasoko haur neandertal baten fosilaren adina kalkulatu dute
Oxfordeko metodoa karbono-14 isotopoan oinarritzen da, metodo klasikoa bezala, baina, material gazteagoaren kutsadura saihesteko, lagina ultrairagazi egiten dute. Horrela asko fintzen da emaitza. Eta horrela ikusi dute fosilak 39.700 urte dituela, eta ez 30.000, ohiko datazio-metodoek iradokitzen zuten bezala.
Hori aintzat hartuta, neandertalen fosilei aurrez egindako datazioen analisi estatistiko bat egin dute, hasi Errusiako fosiletatik, Europako ipar-ekialdean, eta Espainiaraino, hego-mendebaldean. Fosil horietako bakar bat ere ez da duela 40.000 urte baino gazteagoa.
Dena dela, horrek ez du zalantzan jartzen neandertalen eta Homo sapiens aren artean gurutzaketa egon zenik. Hain juxtu, iaz argitaratutako lan baten arabera, gizaki modernoak neandertalen geneak ditu bere DNAn, eta horrek gurutzatu zirela frogatzen du. Gurutzaketa hori, baina, ziurrenik Ekialde Hurbilean gertatu zen, ez Europan.
Alvaro Arrizabalaga EHUko arkeologoa bat dator ikuspegi horrekin: "Zuhurra izatea komeni bada ere, uste osoa dut aurrerantzean egingo diren ikerketek indartu egingo dutela Oxfordeko ikertzaileek eta haien lankideek aurkeztutakoa".
Arrizabalagak oso ondo ezagutzen du Oxfordeko datazio-metodoa. Hain zuzen ere, Arrasaten dagoen aztarnategi garrantzitsu batean erabili dute, Labeko Koban, eta han lortutako emaitzak, Arrizabalagaren hitzetan, "eredugarriak dira Iberiar penintsula osoan". Hein handi batean, kobazuloaren ezaugarriei esker bihurtu dira eredu emaitza horiek; izan ere, kobazuloa "denboraren kapsula" bat da, duela 32.000 urte jalkinez bete, eta geroztik ez baita inor sartu, ezta animaliarik ere. Hala, 4.000-5.000 urteko erregistro garbia du. Bada, Arrizabalagaren taldeak han lortutako emaitzak bat datoz orain aurkeztu duten ikuspegiarekin.
Hala ere, beste ikertzaile batzuen iritziz, badira neandertal gazteagoen aztarnak. Adibidez, Gibraltarren aurkitutako neandertal batzuen fosilek 24.000 urte baino ez dutela defendatzen du Clive Finlayson Gibraltarko Museoko zuzendariak.
Azken finean, Oxfordeko taldearen buruak, Thomas Highamek, Nature aldizkariari adierazi dion bezala, "Eurasia oso leku handia, eta ez dirudi arrazoirik dagoenik pentsatzeko neandertal-populazioren batek ez zuela biziraun nonbait". Hortaz, eztabaida ez dago erabakita, inondik inora ere.