Nazioarteko lankidetzaraka zubia

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Apirilaren 27an Donostia International Physics Center (DIPC) inauguratu zen. Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko campusean izango du egoitza zentro berriak. Horrela, unibertsitateko azpiegituran integratuta egongo da eta zuzeneko lotura izango du. Proiektua lehen fasean dago. Kimika Fakultatearen ondoan dagoen ikastetxe zahar baten eraikina berritu, egokitu eta bertan jarri dute DIPC erakundea. Babesle ekonomikoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Kutxa eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira. Hasierako aurrekontua 60 milioikoa da, baina urteak pasa ahala erakundea hazi egingo dela espero da.

Jatorrizko ideia Pedro Migel Etxenike eta Juan Colmenero fisikariena izan da. Triesteko eskolan eta antzeko beste batzuetan oinarritutakoa da. Helburu nagusia atzerrian oinarrizko zientzia egiten dutenekiko harremanak sendotzea eta sustatzea da. Horrek atzerriko fisikariekin lan egiteko aukerak sortuko dituela esan nahi du, bai hemengo ikertzaileak kanpora joanda bai eta kanpokoak hona etorrita. Gainera, maila handiko fisikariek ez ezik, zientzialari gazteek ere Physics Centerera etortzeko eskaintza jasoko dute. Kongresuak, hitzaldiak eta ikerketa egiteko tokia izango da. Bestalde, aireportu ere izango da. Atzerrian dauden euskal zientzialariei geurera itzultzeko pista eskaini nahi die. Izan ere, Pedro Migel Etxenikek aipatu duenaren arabera, bost urteko kontratuak eskainiko zaizkie beren ikerketa-lana bertan egiteko eta, bide batez, euskal zientzi eta teknologi sisteman integratzeko bidea aurki dezaten. Gainera, oinarrizko zientzia sustatuko da. Zientzia aplikatua ez diren eremu berriak jorratuko dira, hau da, oinarrizko ikerketak dituen gabeziak emendatzea nahi da eta historiak frogatu duen legez, oinarrizko zientziaren bidez etorri dira ondorengo aplikazio teknologiko eraginkorrenak. Inguratzen gaituen mikroelektronika horren adibiderik behinena da. G. Roa Zubia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.