Euskal Herrian Parke Natural hitzak, denbora gutxian ezezagun izatetik, gure etxe ingurua izendapen horren barruan egotera tokatu zaigu, baina moduak eta moduak daude prozesu hau denboraz eta behar den bezala egiteko. Horrela izan ezean, justu lortu nahi denaren kontra joan baikaitezke. Hau da, inguru bat bere natur baliabideen aldetik aberatsa dela ikusten bada eta babes-neurriak jarri behar badira, lehenengo eta behin baliabide horiek horrela mantendu dituen sektoreekin lan sakona egin behar da, beraiek ere partaide zuzenak izan daitezen. Prozesu luze horren ondoren, bigarren eztabaida dator: Parke Naturalaren izendapena zertarako? Ingurune horretako Natur Baliabideak babesteko? Ingurune hori bisitarien "erreklamo" bilakatzeko? Edota, biak batera egiteko? Hor egiten dugu topo.
Egia esan, Natur Baliabideen Antolamendua egitea ezinbestekoa da edozein lurraldetan, ez soilik Parke Naturaletan, eta Antolamendu serio hori egiteke dago Euskal Herrian. Baina jo dezagun gure gaira. Gaur egun Euskal Herrian izendaturik dauden Parke Naturaletan eta izendatu nahi dituztenetan, garbi ikusten da arestian aipaturiko bi helburuak batera bete nahi dituztela (Natur Baliabideak babestu eta erabilera publikorako prestatu), nahiz eta jendeari adierazteko garaian, bertako natur baliabideak babestea izaten den erabiltzen duten helburu bakarra. Halere, egunez eguneko ihardueran garbi azaltzen da kontrakoa, hau da, erabilera publikoa ohizko erabileren aurretik jartzen dela. Horrek epe luzera faktura latza pasa diezaioke gure herriari, Natur Baliabideen iraupena laburtuz.
Garbi eduki behar dugu Parke Natural bezala izendatu diren inguruneen oinarrizko iharduera nekazaritza, abeltzantza eta basogintza direla batik bat eta garbi eduki behar dugu, halaber, lehen sektore horien egoera oso txarra dela bultzatzen ari den Nekazaritza Politika medio, nekazaritza oso leku zehatzetan kontzentratzen ari baita. Hori ikusirik, hona nire galdera: mantendu nahi al ditugu ingurune horietan aipatu iharduerak? Erantzuna baiezkoa baldin bada, ingurugiroarekin bateragarria den nekazaritzaren alde egin behar dugu apostu, horrek suposatzen duenarekin; gainerakoan, inguru horretako baserritarrak eta biztanleak zerbitzu-ihardueratan murgilduko dira buru-belarri. Nekazaritza-eredu horren alde ez dugu Parke Naturaletako eremuetan soilik aritu behar, lurralde osoan baizik. Bestela, Parke Naturalak Euskal Herriko 10 irla isolatu izango dira eta horien benetako helburu nagusia Natur Baliabideak babestea bada, gaitzerdi.
Marta Agirrezabala
Biologoa eta Nekazarien aholkularia