Nanozientziaren garapenari bai esan diote parte-hartzaileek Bilbon, "Eztabaidatu dezagun zientziaz. Jokatu eta erabaki" eztabaida-jokoan

Nanozientziaren garapenari bai esan diote parte-hartzaileek Bilbon, "Eztabaidatu dezagun zientziaz. Jokatu eta erabaki" eztabaida-jokoan
2011/04/01 | Elhuyar
(Argazkia: Danel Solabarrieta.)

AlhóndigaBilbaok "Eztabaidatu dezagun zientziaz. Jokatu eta erabaki" ekimena antolatu zuen martxoan, Elhuyar Fundazioren laguntzarekin. Herritarrak izan ziren ekimenaren hartzaileak, eta nanoteknologia eztabaidarako gaia. Bi orduko jokoaren amaieran, parte-hartzaileak nanoteknologia garatzearen alde agertu ziren, eta, hori ondo egiteko, erregulazioa eta eztabaida publikoa sustatzea eskatu zuten. Bilbon ateratako ondorioak Europan zabaldu dira, gainera, www.playdecide.eu webgunearen bitartez, eta Europako beste herrialdeetan halako ekimenen bidez esandakoetara batu dira.

Guztira, hogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten Bilboko Alhondegian egindako saioan. Lehenengo aldia zen Euskal Herrian halako saio bat egiten zena, eta emaitzarekin pozik agertu ziren antolatzaileak. Saioaren gidari Eneritz Muguruzaren hitzetan: "parte-hartzaileek oso ondo hartu dute jokoa, eta oso gogotsu aritu dira. Gainera, helduentzako ekimena izan arren, gaztetxo batzuk ere aritu dira, eta oso ondo aritu ere; amaierako ondorioetaraino iritsi dira, gainerakoekin batera".

Eztabaida-joko bat izan da saioaren ardatza. Parte-hartzaileak bi orduz aritu dira nanoteknologiaz, eta, oro har, aurrerapen teknologikoaz eta horrek guztiak gizartean duen eraginaren inguruan: aukerak, arriskuak, beldurrak, neurriak, arduradunak, finantziazioa, gizartearen parte-hartzea... halakoez eztabaidatu dute, eta talde-ikuspuntua bateratzen saiatu dira. Nerea Rodriguezek garbi du merezi zuela joatea: "Lagunei kontatu beharko banie gaur egindakoa, esango nieke oso esperientzia ona izan dela; asko ikasi dut, eta gehien gustatu zaidana izan da ikustea jokatuz, beste partaideekin eztabaidatuz, asko ikasi daitekeela, ia konturatu gabe, batzuetan. Jokoak arinagoa egiten du gaia, ez baita gai erraza nanoteknologia. Berriz egingo nuke, zalantzarik gabe".

Zientziari eta teknologiari buruzko eztabaida ireki batean parte-hartzeko gogoak eraman zuen Eguzkiñe Bidaurrazaga AlhóndigaBilbaora. Berak uste du teknologiari eta zientziari buruz gutxi eztabaidatzen dela: "aurrerapenaren atzetik joan ohi da eztabaida, ez dakigu oso ondo zertan ari diren; nanoteknologiaren kasuan, adibidez, jokoari esker konturatu naiz nik uste nuena baino garatuagoa dagoela. Gure mahaian, ia denok bat etorri gara esateko batez ere informazioa falta dela, eta, iritzia eman ahal izateko, beharrezkoa da informazioa izatea".

Ondorioak, Europara

Saioaren amaieran, emaitzak gehitu egin dira beste PlayDecide saio batzuetan esandakoetara. Bai Bidaurrazagak eta bai Rodriguezek oso positibotzat jo dute Bilbon lortutako ondorioak partekatzeko aukera izatea. Bidaurrazagaren hitzetan: "garrantzitsua iruditzen zait jendearen iritzia jakinaraztea, eta halako foro gehiago egotea gustatuko litzaidake, norabait iristen diren foroak, egiten denaren gain eragingo duten foroak. Momentuz kontsultiboak dira batez ere, baina, zabalduko balira, jendeak aukera izango luke gehiago jakiteko". Rodriguezentzat "oso ondo dago kontinente batean iritziak konpartitu ahal izatea, eta norberak jakin ahal izatea zein den besteen iritzia".

Europako PlayDecide proiektuan oinarritzen da "Jokatu eta Erabaki" ekimena. Gizartean eztabaida piztea eta ondorioak entzunaraztea da helburua. Horretarako, informazioaz gainera, eztabaidarako eta adostasunerako ildoak ematen dituen jokoa proposatzen dute. Esan bezala, Euskal Herrian horrelako ekimen bat egiten den lehen aldia da, baina gehiagotan egiteko gogoa erakutsi dute antolatzaileek. Maria Gilek, Elhuyar Fundazioren Zientziaren Komunikazioa Saileko arduradunak azpimarratu duenez, "proiektu honekin informazioa ematea baino gehiago egin nahi dugu; jendearen parte-hartzea bilatzen dugu, gai bati buruz hausnartzea, ondorio batzuetara iristea, orokorrean oso gertu dauzkagun gaien inguruan".

1
274
2011
4
003
Nanoteknologia; Azokak, biltzarrak
Albisteak
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila