Elhuyar Fundazioa
Zein izan zen lehena, arrautza edo oiloa? Kasu honetan ez dago zalantzarik: lehena Netscape izan zen. 1996an kaleratutako nabigatzaile ezagunak merkatuaren nagusitasuna izan zuen Internet-en lehen hasiera haietan. Berehala Microsoft sartu zen jokoan bere Explorer famatuarekin eta egindako kanpaina erasotzailearen ondorioz merkatua erabat jan dio Netscape-ri pare bat urtean. Dena den, badirudi Netscape-k (ez ahaztu AOL handiak erosi duela konpainia hau) berriro ere jokoan sartu nahi duela eta oraintxe kaleratu du bere nabigatzailearen 6. bertsioa. Bertsio berria kaleratzeko hautatutako garaia ere ez da inolako kasualitatea izan: Microsoft-en aurkako auziaren epaia kaleratu zen egun berean zabaldu zen Netscape-ren 6. bertsio berria. Egia esan bazuen horretarako garaia, 1997az gero 4.x bertsioarekin baikeunden Microsoft-ek Explorer etengabe eguneratzen zuen bitartean.
Baina bitartean, ez al da bestelako lehiakiderik egon? Ba bai, baina xumeagoak. Badaude merkatuan beste hainbat nabigatzaile, bi erraldoiei lehia egingo ez badiete ere gutxienez buruko min-pixka bat sortzeko gai direnak. Nabigatzaile hauek askoz toki gutxiago hartzeaz gain memoria gutxiago behar izaten dute lan egiteko. Hau da oraintxe bere 4. bertsioa kaleratu duen Opera nabigatzailearen kasua. Nabigatzaile honek merkatuko estandarrak betetzen ditu (HTML 4.0, HTTP 4.0, XML, WML, JavaScript 1.3, SSL etab.) eta Windows eta Linux-erako bertsioak izateaz gain, laster baterako iragarri dute Macintosh-erako bertsioa.