Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak (IUCN) Lurreko ekosistema guztiak sailkatu eta mapeatzeko lehen sistema integrala sortu du. Ekosistemen Tipologia Globala izena eman dio, eta ekosistemen osaera eta funtzioak ditu oinarrian. Ikertzaileen ustez, giza bizimoduak sortzen duen presioaren ondorioz, munduko ekosistema asko kolapso-arrisku larrian daude, eta ondorio larriak dituzte espezieen biziraupenean, dibertsitate genetikoan, zerbitzu ekosistemikoetan eta giza ongizatean bertan ere. Hala, katalogoaren helburua da ekosistemen kudeaketa-eredu berrietan eragitea, kudeatzeko ikuspegi koordinatuagoak eta eraginkorragoak ahalbidetuz.
108 ekosistema-moten ezaugarri biofisiko garrantzitsuenak definitzen ditu katalogoak; ozeanoetan, ur gezetan eta lurrean azaltzen diren ekosistemak. Gizakiek moldatutako ekosistemak ere hartzen ditu —hala nola, laborantza-lurrak eta presak—, bai eta baso basati zabalak, basamortuak, sakoneko hobi ozeanikoak eta lur azpian eta izotz-geruzen azpian lurperatutako ekosistemak ere.
Antzeko ekosistemak ezaugarri eta funtzioen arabera taldekatzean, agerian uzten ditu bestela ezkutuan egon litezkeen patroiak. Esaterako, lagunduko du identifikatzen zein baso-, uharri- eta hezegune mota diren kritikoenak biodibertsitatea kontserbatzeko eta ekosistema-zerbitzuak emateko. Eta antzeko ekosistemek dituzten arrisku komunak ulertzeak arrisku horiek babesteko moduak garatzen laguntzen du. Hala, ekosistemen kudeaketak tokian tokikoa izan behar badu ere, munduko edozein herrialdetan hartu diren neurriak ezagutu eta hausnartzeko balioko du katalogoak, tokian tokiko kudeaketa horretan lagundu dezakeelakoan, neurri batean, behintzat.
Webgune interaktibo bat ere argitaratu du IUCNk, ikertzaileez gain, edozeinek ezagutu ahal dezan munduko ekosistemen dibertsitatea eta tipologia. Ekosistema-mota desberdinak planetako zein tokitan azaltzen diren ikusi daiteke webgunean.
Elhuyarrek garatutako teknologia