Molekula organiko konplexuak

Europako Espazio Agentziaren espazioko ISO teleskopioak eginiko behaketak espazioan sortzen diren molekula organiko konplexuak ezagutzeko laguntza handia dira.

Izar zaharren inguruan erreakzio ugari izaten dira eta, bertan sorturiko molekulak elkartzen badira, planeta-sistemak sor daitezke denboran zehar. Horretarako azetilenoa eta antzeko molekula organiko sinpleetatik abiatuta molekula konplexuagoak sortu beharra dago. Erreakzio horiek espazioan nola gertatzen diren oraindik ez dago argi, baina zenbait aurrerapauso eman dira azken hilabeteetan.

Molekula organiko sinpleak dituen sistema molekula organiko konplexuak dituen sistema bilakatzeko milaka urte batzuk aski direla ondorioztatu dute Estatu Batuetako eta Kanadako ikertzaileek. Espazioko ISO teleskopioak eginiko beste behaketa batzuei esker, ikertzaile espainiarrek diazetilenoa eta triazetilenoa aurkitu dituzte izar zaharren inguruko sistemetan. Bi molekula horiez gain, identifikatu gabeko beste hainbat molekula ere ikusten dira ISOk bidalitako irudietan.

Izar zaharren inguruan sortzen diren molekulak, bertatik ihes egin eta hodeiak osatuz elkartzen dira, eta denbora igarota, molekula konplexuz osaturiko gurearen moduko planetak era ditzakete.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila