Minitelebista zeure automobilerako

"Sharp" etxe japoniarrak automobiletan erabiltzeko oso telebista aproposa eta txikia plazaratu du. 17 x 4 x 15 zentimetro dira bere neurriak eta 700 gramo besterik ez du pisatzen. Kristal likidozko pantailaren diagonalak 14,2 zentimetro neurtzen ditu.

Telebista-programak hartzeaz gain, kameskopiotik datorren koloretako irudia ere kontrolatzen eta grabatzen du. Telebista txiki honek tenperatura handiak (80ºC-rainokoak) jasaten dituenez gero, automobiletan lasai erabil daiteke.

Telebistak funtziona dezan hiru iturriko korrontea onartzen du: sareko korronte alternoa, beretzako bateria propioa ala automobilaren zigarro-pizgailukoa.

Telebista honek gainera, bozgorailua, teleagintea, programa-bilatzaile automatikoa (19 kanaleraino) eta antena-anplifikadorea ditu. Pantailak 168.480 pixel ditu eta iragazki berezi bati esker kalitate handiko irudia lortzen da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila