Minaren aurrean ez gara denok berdinak

Kontrakoa uste bazen ere, oinazeak ez gaitu guztiok berdin astintzen. Azken ikerketek berretsi dutenez, min-sentsazioak desberdinak izan daitezke emakume eta gizonen artean. Kaliforniako ikertzaile-talde batek frogatu duenez, zenbait analgesikok eragin gehiago eta luzeagoa dute emakumeengan gizonengan baino. Gauzak horrela, minaren fisiologiak sexuen arteko bereizketa egiten duela ondorioztatu dute.

Zenbait analgesikok eragin gehiago eta luzeagoa dute emakumeengan gizonengan baino.

Kaliforniako Unibertsitateko Medikuntza sailean burutu da aipatu ikerketa. Kappa-opioids izeneko analgesikoaren eragina aztertzen ari zirela, emakumeengan luze eragiten zuela ikusi zuten. Orduan, ikerketa espezifikoago bati ekin zitzaion, 20 gizaseme eta 28 emakumeren portaera aztertuz. Ondorioa erabatekoa izan omen zen: analgesikoaren eragina luzeagoa izan zen emakumeen kasuan.

Ikerketak jarraipena izango du datozen hilabeetan. Ikertzaile hauen lanak berebiziko zalaparta sortu du EEBBetan eta minaren fisiologiarekin zerikusia duten beste faktore batzuk aztertzeari ere ekin zaio. Bide horretatik lor daitezkeen emaitzek etorkizunean paziente bakoitzarentzako tratamendu espezifikoagoak lortzea erraztu egingo dutela uste da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila