Mikrouhinen filtroak diseinatzeko metodo berri bat proposatu du NUPeko Israel Arnedo Gil telekomunikazio-ingeniariak bere doktore-tesian. Filtro horien bidez, 1 GHz eta 300 GHz arteko maiztasunetan aritzen diren zirkuituak hobetu daitezke; hau da, mikrouhinezko eta uhin milimetrikozko zirkuituak. Erabilera asko dituzte zirkuitu horiek: radarrak, informazioa igortzea (telefonia, telebista, Internet edo datuak), satelite bidezko komunikazioa, haririk gabeko komunikazio-sistemak, eta abar.
Oso labur esanda, ezinbestekoa da mikrouhinezko eta uhin milimetrikozko zirkuituentzako filtroak izatea, maiztasun jakin bateko uhin elektromagnetikoei bakarrik uzten baitiete pasatzen filtroek; besteak blokeatu egiten dituzte.
Arnedok filtroak diseinatzeko erabili ohi diren tresnak hobetu egin ditu. Adierazi duenez, eta telebistarekin paralelismo bat eginez, esan liteke orain arte filtroak sintetizatzeko teknikak zuri-beltzekoak zirela, eta Arnedok garatu dituen teknikek kolorea ekarri dutela.
Zehazki, hiru erabilera-arlotan aurkitu diete Arnedok diseinatutako sintesi-tresnei erabilera: sektore espazialean, hau da, Lurreko estazioen eta sateliteen arteko komunikazioan, radar seinaleen prozesatzean (prozesatze analogikoa abiadura handian egiteko), eta haririk gabeko komunikazioen aurrerapauso gisa aurkeztu ohi den UWB teknologian (Ultra-Wideband).