Menopausiaren zergatia azaltzen lagundu du zetazeoekin egindako ikerketa batek

Menopausiaren zergatia azaltzen lagundu du zetazeoekin egindako ikerketa batek
2010/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Duke Unibertsitatearen Nicholas Ingurumen Fakultatea)

Zientzialariak aspalditik ari dira ikertzen zein izan daitekeen emakumezkoek menopausia izateko arrazoia. Orain, orka eta pilotu-izurde emeekin egindako ikerketa bati esker, zantzu berriak dituzte erantzuna hobeto ezagutzeko.

"Amonaren hipotesia" izena du emakumezkoek menopausia zergatik duten azaltzen duen hipotesi onartuenetako batek. Haren arabera, eboluzioaren ikuspuntutik, taldearentzat onuragarria da emakumezko helduenak antzutzea; hartara, taldeko haurrez arduratzeko oztoporik ez dute, eta eme gazteak lan horretatik arintzen dituzte.

Exeter eta Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaile batzuek pentsatu zuten hipotesiaren balioa probatzeko lagungarria izango zela beste ugaztun batzuekin alderatzea. Lehendik ere beste ikertzaile batzuek aztertu izan dituzte txinpantzeak eta gorilak alderdi horretatik, baina ateratako ondorioak ez dira garbiak. Bi unibertsitate horietako ikertzaileek, ordea, zetazeo batzuek ere --zehazki, orkak eta izurdeak-- menopausia izaten dutela frogatu dute, eta haiekin ikertzea erabaki dute.

Hala, eredu matematiko bat garatu dute gizakien, orken eta izurdeen ahaidetasun-dinamika ikertzeko. Horri esker, ikusi dute hiru espezieetako emeak estuago lotzen zaizkiela kumeei, menopausia izan eta zahartu ahala. Neurri batean, hiruretan emaitza berdina izatea harrigarria da, giza taldeetan arrak taldea uzteko joera baitu talde berria osatzeko, eta zetazeoetan, berriz, ez da halakorik gertatzen. Hortik ondorioztatu dute garatutako eredua baliagarria dela jokabide desberdinen atzean ezkutatzen diren loturak agerian uzteko. Proceedings of the Royal Society B zientzia-aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

1
268
2010
10
012
Anatomia/Fisiologia; Eboluzioa
Albisteak
14
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila