Kanadako programazio-teknika berri bati esker, gaur egun ordenadore pertsonaletan erabiltzen diren programa korapilatsu eta ahaltsuek memoria gutxiago beteko dute aurrerantzean.
Gaur egungo programek bakarka egiten dituzte funtzio edo eragiketa gehienak. Sistema eragile eta programa guztien kodea hartuko bagenu, programa desberdinek konpartitzen duten kode-zatia oso txikia dela ohartuko ginateke. Askotan lan bera programa desberdinekin egiten dugunean, kode desberdina erabiltzen du ordenadoreak. Halaber, programa guztientzat bateragarri den sistema eragile bat behar da ordenadore bakoitzean.
Ottawako Genetix Software enpresak sortu duen programa informatiko berri hauek ez dute aparteko sistema eragilerik behar eta kode informatiko laburren baturaz egin dira.
Programa hauen oinarrian funtzio desberdinak beteko dituen matrize komuna dago.
Oinarrizko kode hauei “gene” esaten diete Genetix-eko kideek eta oinarrizko “gene” hauek konbinatuz lortzen dira maila altuagoko “geneak”.
Era honetara, hainbat oinarrizko gene-zati elkartuz edozein programa sortuko genuke eta, esate baterako, Word 6.0 moduko programa batek 100 kilobyteko memoria beharko luke, gaur egun 8.5 megabyte behar dituen bitartean.