Perun aurkitutako fosil batek argitu du marrazo zuria eta megalodon marrazo desagertua ez direla lerro ebolutibo berekoak. Aldiz, marrazo zuriaren arbasoa mako marrazo batetik dator.
Eztabaida bizi zegoen gai horri buruz; ez zegoen argi zer espezietatik eboluzionatu zuen marrazo zuriak. Hipotesi sendoenetako baten arabera, espezie hori Carcharocles megalodon da, duela 1,5 milioi urte desagertutako marrazo erraldoi bat. 16 metro luze zen, eta aditu batzuen ustez marrazo handi horrek txikiagoa izatera eboluzionatu zuen, gaur egungo 6 metroko marrazo zuriaren itxura hartu arte. Hala ere, aditu guztiak ez zeuden ados, bi marrazoen ezaugarri guztiak ez direlako berdinak. Hortzak, adibidez, ezberdinak dituzte. Aditu batzuentzat, horrek adierazten du ez direla lerro ebolutibo berekoak, eta beste batzuek esaten dute hortzak oso aldakorrak direla eboluzioan, eta ezin dela baztertu lerro berekoak izatea.
Orain, Perun aurkitutako fosil batek aldatu du eztabaida. Pisco Formazioa izeneko aztarnategian, marrazo baten baraila artikulatu bat aurkitu dute osorik. New Jerseyko Unibertsitateko paleontologoek Palaeontology aldizkarian argitaratu dute fosila marrazo zuriaren eta mako marrazo baten “tarteko” ale bat dela; ikerketa horren arabera, marrazo zuriaren arbasoa ez da megalodon erraldoia, baizik eta mako marrazo bat.
Hasieran, ondorio hori ez zuten paleontologo guztiek onartu. Arazoa kronologia zen, datazioaren arabera fosil berriaren alea bizi zen garaian marrazo zuria erabat eboluzionatuta zegoelako. Horregatik, New Jerseyko paleontologoek datazio zehatzago bat egitea erabaki zuten.
Aztarnategiraino joan ziren, Perura, fosilaren jatorrizko toki zehatza identifikatu zuten, eta bertako molusku txikien fosilen bitartez egin zuten bigarren datazio bat: fosila zaharragoa zen aurreko datazioak zioena baino, eta datu hori bat dator makoaren eboluzioaren hipotesiarekin. Marrazo zuria mako baten ondorengoa da.
Paleontologoek zorte handia izan zuten; Pisco Formaziotik alde egin eta hiru ordura, lurrikara handi batek suntsitu zuen aztarnategia.