Math Talk: ahotsaren bidez formula matematikoak idazteko programa

Dallas-ko unibertsitate batean ahotsezko aginduen bidez adierazpen matematiko konplexuak idazteko gai den programa garatu dute. Programak MathTalk izena du eta matematika ikasteko arazoak dituzten pertsonentzat diseinaturik dago, hala nola ezgaitu fisikoentzat eta itsuentzat. Ideia estatistika-irakasle batek izan zuen, ikasle ezgaitu batek ikasketak egiteko zituen arazoak ikusita.

MathTalk-ek ahotsezko aginduak adierazpen matematiko bihurtu eta formula matematikoak osatzen ditu. Horretarako erabiltzailearen ahotsa ezagutzeko moldatu behar da programa, eta irteera zein formatutan izango den adierazi. Adibidez, itsuentzako bertsioan formula matematikoak Braille hizkuntzan idatzita ateratzen dira.

Programaren sortzaile den H. Gray-ren arabera, aplikazio honen bidez matematika ikasteko arazoak dituzten pertsonek bere ikasketetan aurrera egiteko aukera izango dute. Gainera, tresna hau oso erabilgarria izan daiteke beste alorretan ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila