Marten ozeanoa izan zen

Brown Unibertsitateko geologo planetario batek, egindako neurketa topografiko ugariei esker, Marten ozeanoak izan zirelako froga aurkitu du. Neurketa horiek "Mars Global Surveyor" zundaren barnean zihoan laserrezko altimetroaren bidez egin dira eta, horien arabera, duela ehunka milioi urte ozeano bat egon zen Marteko azalean. Aspaldidanik dakigu Marten ura izan zela, bere azalean ur-laster handiek osaturiko kanalak baitaude. Baina ur-laster horietako urak inoiz ozeano-eran pilatu ziren ala ez, ez da orain arte jakin ahal izan. Zientzialarien arabera, ozeanoa izan zela frogatzen duten ebidentzia ugari lortu dira, hala nola geruza geologikoetan itsasertzaren arrastoak, sedimentazioaren arrastoak eta froga topologikoak. Gainera deskubritutako ozeanoak gordeko zuen ur-masa Marten izan zen ustezko ur-kopuruarekin bat dator.

Marten ozeanoa egon bazen, bertan bizia agertzea posible zen. Beraz, aurkikuntza honek ikerketa ugari bultza dezake Planeta Gorriak jasan zuen klima-aldaketaren arrazoiak eta ondorioak aztertzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila