Marte hotz baten aldeko argudioak aurkeztu dituzte

marte-hotza
Arg. ESA

Duela 4.000-3.500 milioi urte Marte planeta epela eta hezea zelako hipotesia babesten dute aditu askok, baina orain zientzialari-talde batek ideia hori zalantzan jarri du, bertako bailaren analisi geomorfologikoan abiatuta.

Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako ikerketa batean proposatu dutenez, Marteko haran asko izotzaren azpiko urek sortu zuten. Ez dira, beraz, gainazaleko ibaiek sortutako higaduraren ondorioa, orain arte uste izan den moduan. Datu berri hauek, gainera, bat datoz garaiko klimak hotza izan behar zuela dioten ereduekin.

Ikertzaile hauen arabera, Marteko bailara askok antza handia dute Kanadako Artikoko glaziarren azpian sortzen diren ubideekin. Devon uhartea da zehazki Lurrean hartu duten analogoa.

Marteko 10.000 bailara baino gehiago aztertu dituzte, eta horien abiapuntuan dauden higadura-prozesuak igartzeko algoritmo bat prestatu dute. Aztertutako bailaretatik zati batek baino ez du erakusten ibaiek sortutako higaduraren zantzutik.

Analisia errazteko, bailara horiek guztiak 66 bailara-saretan sailkatu dituzte. Horietatik, 14ri antzeman diete ibaietako higadura. 22tan ikusi dute glaziar azpiko higadura; bederatzitan, glaziarren higadura, eta, hirutan, higadura erregresiboa. Gainerako 18ei ez diete antzeman jatorri argirik.

Diotenez, izotzez betetako agertoki honek ez du zertan baztertu behar garai horretan bizia garatzeko aukera. Are gehiago, egileek diote izotz-geruza batek egonkortuko zukeela izotzaren azpiko ura, eta, modu berean, eremu magnetikorik gabeko egoera batean izotzak balizko bizidunentzako babesa eman zezakeela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila