Ezustekoren bat izan ezean, Mars Polar Lander espazio-ontzia Martera iritsiko da abenduaren 3an. Ontzia pasa den urtarrilaren 3an jaurtiki zuen NASAk eta 11 hilabete egin ditu espazioan; lurreratzea Marteko Hego Polotik hurbil izango da.
Ontzia hiru kameraz hornituta dago: lehenengoak lurreratzearen irudiak jasoko ditu, bigarrenak ikuspegi estereoskopikoak eskainiko ditu eta hirugarrenak Marteko lurrazalaren hurbileko planoak hartuko ditu. Mars Polar Lander-ek 60 egunez igorriko ditu Marteko irudiak Lurrera, baina arazorik ez balego beste 30 egunez jarrai lezake lanean.