Malariaren kontra, DDTa

Malariaren kontra, DDTa
2006/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: PAHO)

Malariaren kontrako borrokan DDT pestizida erabiltzea gomendatu du Munduko Osasun Erakundeak. Erabakia harrigarritzat hartu du zenbaitek, DDT pestizida oso produktu arriskutsua baita, eta hainbat herrialdetan debekatuta egon baita azken hamarkadetan. Baina Munduko Osasun Erakundeak ez du inoiz erabat debekatu DDTaren erabilera; are gehiago, malariaren aurkako neurri gisa, oheetako eltxo-sareak DDTaz tratatzea gomendatu du beti. Orain, gomendioa zabaldu egin du, eta malariaren arriskupean bizi diren herrietan etxeko paretak pestizida horrekin ihinztatzea aholkatu du.

Gomendioa egin izanagatik, adituen ustez DDTa ez da produktu segurua. Baina malariak eragin duen egoera larria da, eta hainbat tokitan dagoen soluziorik onena DDTa erabiltzea da, etxe barruko paretetan, behintzat. Erabilera hori ez da duela hamarkada batzuk nekazaritzan egiten zen bezalakoa, hau da, pestizida ez dute tonaka zabalduko, baizik eta modu espezifikoan aplikatuko dute.

Nolanahi ere, erabiltzen hasi baino lehen, eltxoak DDTarekiko erresistente diren tokien mapa osatu nahi du MOEk.

1
226
2006
12
027
Medikuntza; Osasuna
Berriak labur
14
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila