Malariaren aurkako borrokan ez dira batere gozoak une hauek Afrika aldean. Izan ere, Afrikan duela gutxi sartu den droga berri batek aurrez aurre ipini ditu bertako medikuak.
Orain arte, kinina baino ez zen erabiltzen Afrikan malariari aurre egiteko. Asiako hego-ekialdean, aldiz, kininari aurre egin dio malariak eta, gaur egun ezin da sendagai-modura erabili. Ondorioz, Artemether izeneko beste droga bat erabiltzen hasi dira.
Afrika osora hedatu da droga berria, baina, oraingoz, ospitale pribatuetan soilik erabiltzen da; aberatsenen eskura dago, beraz. Sendagile batzuk kezkaturik dauden arren, oraindik kinina erabilgarria dela Afrikan eta, oraingoz, droga berria erabiltzea ez dela komeni diote.
Oraindik ez erabiltzearen aldekoen esanetan, sendagai berriaren erabilpena zenbat eta gehiago atzeratu hobe, malariak droga berri horrekiko defentsa-mekanismoak orduan eta beranduago garatuko baititu.
Ofizialki, Artemether izeneko sendagaia kasu larrietan eta kininak zereginik ez duela frogatu ostean erabil daiteke.
Ez da ahaztu behar, bestalde malariak bi milioi lagun hiltzen dituela urtero Afrikan eta, pentsa daitekeenez, eztabaida horren gibelean interesatuta dauden laborategi eta ikerketa-zentro ugari dago.