Marteren urtea izan da 2021a. Espazio-agentziak aurrekaririk gabeko ahalegina egiten ari dira planeta gorria hobeto ezagutzeko, eta, nola ez, bizidunen arrastoak topatzeko, puntako teknologia erabilita. Oraindik ez dute horren inguruko aztarnarik aurkitu, baina bestelako informazio ugari biltzen ari dira.
Bitartean, 1977an jaurtitako bi zunda zahar (haiek ere garaiko teknologia aurreratuenarekin) izarrarteko espazioaren mugatik gertu dabiltza, helburu are handiagoarekin: estralurtarrak aurkitzeko itxaropena izateaz gain, lortuz gero, mezu bat dute haientzat. Voyager zundak dira, eta kobrezko disko urreztatu bana dute, Lurrari eta lurtarroi buruzko informazio esanguratsuarekin.
Ez zen erraza izan diskoak diseinatzea. Horretarako, batzorde zientifiko bat sortu zuten, eta Carl Sagan jarri zuten haren buru. Taldeko kide Frank Drakek proposatu zuen informazioa disko batean grabatzea, zinta magnetikoak baino askoz ere iraunkorragoak baitira. Hori baino zailagoa izan zen edukia erabakitzea.
Azkenean, Lurreko bizidunen dibertsitate biologikoa eta kulturala erakusteko asmoz, 118 argazki eta 90 minutuko audio bat sartu zituzten, soinu natural eta artifizialekin, garai eta kultura desberdinetako musikarekin, agurrak 55 hizkuntzatan, eta baleen hizkuntzaren lagin bat. Horrez gain, giza elektroentzefalograma baten lagin bat ere sartu zuten, zehazki, maitemindutako emakume baten uhin zerebralak.
Grabaketa taldeko Ann Druyaren ideia izan zen. Zirraragarria iruditu zitzaion estralurtar batzuek, noizbait, giza pentsamendua irakurri ahal izatea. Taldeak ideia onartu zuen, eta hura aukeratu zuten, gainera, entzefalograma egiteko.
Kontua da, horretan ari zirela, Druya eta Sagan maitemindu, eta ezkontzea erabaki zutela. Hala, entzefalogramak Druyaren Saganekiko amodiozko gogoetak jaso zituen. Aitortu zuenez, erabat hunkituta zegoen pentsatuz milaka eta milaka urtetan iraungo zutela, eta, akaso, noizbait, norbaitek haiei esker jakingo zuela zer den maitasuna gizakiontzat.
Norbait hori estralurtarra izatea espero zuten. Baina gerta liteke espazioan bizidun batekin topo egitea, eta biziduna, jatorriz, lurtarra izatea. Izan ere, bizidun dezente bidali dira espaziora, nahita eta nahi gabe. Nahita: fruta-euliak, saguak, tximinoak eta txakurrak, gizakiei bidea irekitzeko; eta mikroorganismoak eta landareak, nazioarteko espazio-estaziora, ikerketarako. Nahi gabe: era askotako mikroorganismoak, gaizki esterilizatutako ontzi eta tresnetan, Ilargira, espazio zabalera, eta, agian, baita Martera ere.
Orain, egitasmo bat dago tardigradoak bidaltzeko izarrarteko espaziora, alegia, Voyager zundak bezain urrutira. Tardigradoak ornogabe obiparoak dira, eta, batez ere, muturreko baldintzetan irauteko gai izateagatik dira ezagunak. Espazio-bidaia luzeak jasateko gai ote diren jakin nahi dute egitasmoaren bultzatzaileek. Pena, disko urreztatuekin topo eginez gero, haiek entzuteko ahalmenik ez izatea.
Badago, dena den, beste aukera bat: estralurtarrek tardigradoak aurkitzea. Zientzia fikziozko telesail baterako abiapuntua izan daiteke.