Ikertzaile-talde batek mahats beltza, zuria eta gorria hartu ditu, eta haien koloreen eboluzioa aztertu du. Dirudienez, mahats beltza zuri bihurtu zen lehenbizi, eta, gero, mahats zuria gorri, zorizko mutazioengatik.
Mahatsen azalaren kolorea antozianina izeneko pigmentu gorri batek ematen du. Pigmentu horren ekoizpena kontrolatzen duen genea identifikatu dute ikertzaileek mahats beltzean, eta mahats zurian gene hori mutatuta dagoela aurkitu dute. DNAren zati bat omen da kolore-galeraren eragilea. Mahats zurian, genearen kopia bietan agertzen da. Mahats gorrian, ordea, gene bietako batean baino ez da agertzen DNA kolore-ezabatzaile hori.
Geneak aztertuz lortu dituzten ondorioen arabera, mutazio batek kolorazioa kendu zion mahats beltzari, eta mahats zuria sortu zen. Ondoren, bigarren mutazio batek kolorazioa berrezarri zuen, baina ez erabatekoa. Horrela sortu zen mahats gorria.