Magnetismorik gabeko erresonantzia magnetikoa

Magnetismorik gabeko erresonantzia magnetikoa
2011/07/01 | Elhuyar
Erresonantzia magnetiko nuklearreko ohiko espektrometro bat. Makinaren zati handiena, metalezko zilindro handia, eremu magnetiko indartsua sortzen duen elektroimana da. Zati hori kenduta, espektrometroa gailu eramangarri bat izango litzateke. Arg.: Pacific Northwest National Laboratory.

Kontraesana dirudi, baina adituek honela azaltzen dute Estatu Batuetako ikertzaile-talde zabal batek analisi kimikorako sortu duen teknika berri bat: magnetismorik gabeko erresonantzia magnetiko nuklearra da. Horrekin nabarmendu nahi dute ohiko erresonantzia magnetiko nuklearraren egokitzapena dela; analizatu beharreko lagina ez da eremu magnetiko batean sartu behar, baina oinarrizko printzipioa eta lortzen duten emaitza ohiko erresonantzia magnetikoaren berdinak dira. Nature Physics aldizkarian argitaratu dute teknika berria.

Magnetismorik erabili behar ez izatearen abantaila da ekipoaren tamaina txikia izan daitekeela. Ohiko teknikan, analisiaren zehaztasuna erabiltzen den eremu magnetikoarekin handitzen da; analisi zehatzenak egiteko, oso eremu handia sortzen duen elektroiman erraldoi bat behar izaten da, material supereroalez egindakoa, eta, beraz, oso tenperatura baxuetan funtzionatzen duena, helio likidoaren tenperaturan. Eremu magnetikorik gabeko ekipoa, aldiz, txikia eta eramangarria izan daiteke.

Baina eremu magnetikoa kendu ahal izateko, beste zerbait gehitu behar zaio. Ohiko teknikan, eremu magnetikoa osagai bat besterik ez da; lagineko zenbait atomoren nukleoetako spin magnetikoak lerrokatzen ditu, baina benetako analisia irrati-uhinen irradiazioen ondorioz egiten da: nukleoetako spinen artean bada elkarrekintza magnetiko txiki bat (J akoplamendua izenekoa), eta akoplamendu horrek ezberdin erantzuten dio irrati-uhinen irradiazioari, atomoak inguruan dituen beste atomoen arabera. Horregatik balio du teknika horrek analisi kimikoa egiteko: atomo bat zer beste atomoz inguratuta dagoen adierazten du.

Eremu magnetiko handiaren helburua J akoplamendua anplifikatzea da. Estatu Batuetako taldeak anplifikatzeko beste modu bat bilatu du. Eta aurkitu dute: parahidrogeno-molekula erabili dute, bi atomoen nukleoen spinak kontrako noranzkoan dituen hidrogeno-molekula bat. Molekula horrek akoplamendu magnetiko handi bat induzitzen dio analizatu nahi den laginari, beste eremu batean sartu behar izan gabe. Beste ikertzaile batzuek erabili dute parahidrogenoa, baina Estatu Batuetako talde horrek lortu du lehen erresonantzia nuklearra, kanpotik eremu magnetiko txiki bat ere gehitu behar izan gabe. Ustez, erresonantzia nuklearreko ekipo eramangarriak bidean daude.

1
277
2011
7
006
Fisika
Albisteak
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila