Mac II eta Mac IIx-en itxura bera duen arren, gaur egun aurki daitekeen mikrorik azkarrena da. Motorola 68030 prozesadorea eta 68882 koprozesadore matematikoa ditu eta 40 MHz-etan egiten du lan.
Dena den, azkarra izatearen arrazoia ez da CPUaren erloju-abiadura handiagoa izatea bakarrik. Badira honez gain diseinuan integratu diren beste aurrerapen teknologiko batzuk ere. Aurrerapen hauek hiru arlo desberdinetan sailka daitezke:
Prozesu- eta memori arloa
40 MHz-etan lan egiten duten bi prozesadorez gain, 32 Kb-eko abiadura azkarreko cache memoria bat du. Honi esker prozesadoreak ia itxarote-denborarik gabe egin dezake lan, produktua asko garestituko luketen memoria bereziak erabili beharrik gabe.
Bestalde, “latched-write” teknikak prozesadoreak memorian idatzi eta aldi berean RAM cache memoriatik irakurtzea ahalbidetzen du, prozesua azkarragotuz.
Sarrera/irteera arloa
Macintosh IIfx-ek sarrera/irteerako bi prozesadore berri ditu. Hauek arduratuko dira datu-transferentziak burutzeaz, prozesadore zentralari lan hau deskargatuz.
Erakuspen-arloa
Hirugarren arlo honetan ere plaka berriak aurkeztu dira; hauen artean garrantzitsuena sistemaren erantzun-abiadura 5 eta 30 bider artean azkarragotu dezakeen 8/24 biteko txartela izanik.
Ekipamendu hau, prozesu-ahalmen handia behar dutenentzat diseinaturik dago hain zuzen ere: sare-zerbitzarientzat eta irudien tratamenduan, animazioan edota lan konplexuen diseinuan diharduen jendearentzat.
Makina berri honen bi bertsio desberdin aurkeztu dira: 4 Mb-eko RAM memoria eta 80 edo 160 Mb-eko diskoa. Bi bertsio hauek ekainerako kalean egotea espero da eta ordenadorearekin batera sistemaren 6.05 bertsioa ere eskainiko da.