Sumendien barne-egitura eta lurrikaren izaera ezagututa, ez da harritzekoa bi gertaerek zerikusia izatea; hau da, lurrikara baten eraginez sumendi baten jarduera handitzea. Historiari begiratuta, behin baino gehiagotan gertatu dira bi fenomenoak bata bestearen atzetik. Baina, hala ere, orain artean ez da ikusi bien arteko lotura garbirik. Ez oraindik orain izandako gertaera bat aztertu duten arte, behintzat.
Hawaiiko eta Firenzeko unibertsitateetako geologo batzuk Indonesiako bi sumendiren jarduera ikertzen ari ziren, Merapi eta Semeru. Eta, halako batean, Java uhartea 6,4 magnitudeko lurrikara batek astindu zuen. Javatik 50 km-ra dago Merapi eta 280ra Semeru. Bada, lurrikara izan eta hiru egunera, bi sumendien jarduera handitu zen: labaren tenperatura bikoiztu egin zen, eta baita emaria ere.
Geologo horien esanean, ez da kasualitatea bi sumendien jarduera handitu izana handik gertu lurrikara bat izan eta gero.