Lurreko sumendirik handiena aurkitu dute Ozeano Bareko urpean

Zubia Gallastegi, Bego

Elhuyar Zientzia

lurreko-sumendirik-handiena-ozeano-bareko-urpean-a
Tamu Massif, munduko sumendi handiena. Arg. William Sager, Houstongo Unibertsitatea

Lurreko sumendirik handiena aurkitu du Ozeano Bareko uren azpian Houstongo Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Nature GeoScience aldizkariak argitara eman berri duenez, Tamu Massif izeneko sumendiak 650 kilometroko zabalera du eta 310.000 kilometro karratuko hedadura, hau da, Britainia Handiak hartzen duen lur-azaleraren antzekoa du.

Japoniatik 1.500 kilometro ekialdera dago sumendia, eta itzalita egon da azken 140 milioi urtean. Itsas hondotik lau kilometro gora egiten du eta haren jatorri bolkanikoa ezaguna zen. Orain arte, ordea, hainbat sumendiren erupzioak sortutakoa zela uste zuten geologoek. Hawaii eta Islandia modu horretan sortutakoak dira.

2010 eta 2012 urteen artean Marcus G. Langseth ikerketa-ontzia Tamu mendiaren gaineko uretan izan zen, sumendiaren egitura deskribatzeko helburua zuten ikerketak egiten, eta neurketek zientzialariak harritu zituzten. Aire konprimituzko tresnez baliatu ziren uhin sismikoak mendian zehar bidaltzeko. Islapena neurtuz, ikertzaileek jakin zuten laba-fluxu guztiak sumendiaren gailurretik urrun zeudela eta azaldu dutenez, horrek magma irteera nagusi bakarra iradokitzen du. “Edozein angulutatik begiratuta ere, laba-fluxuak gauza honen erditik datozela dirudi”, azaldu zion Nature aldizkariari ikerketa zuzendu duen Houstongo Unibertsitateko William Sager itsas-geologoak.

Itsaspeko mendien barne-geometria aztertzeko egin den ikerketa aitzindariaren ondorioa izan da Tamu Massif mendiaren aurkikuntza eta ez da baztertzen lan-ildo berri horren emaitza sumendi erraldoi berrien aurkikuntza izatea. Sager-ek adierazi zuenez, “handiagoak ere izan daitezke”.

Eguzki-sistemako sumendirik handiena Marteko Olympo mendia da. 625 kilometroko diametroa du. Ezagutzera eman berri den ikerketaren egileen ustez, aurkikuntzak posible egiten du Lurrean ere horren sumendi handiak egotea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila