Lurrazpiko korronte elektrikoak

unduan lurrazpian dagoen korronte elektrikorik luzeena Australian aurkitu da. Flinders-eko unibertsitateko François Chamalaun-ek aurkitu du korronte hau.

Munduan lurrazpian dagoen korronte elektrikorik luzeena Australian aurkitu da. Korrontea sedimentazio-harrietan igarotzen da eta 6.000 km-koa da. Orain arte luzeena Kanada eta EEBBen artean dagoen Wyoming-eko korrontea zela uste zen; bere luzera 4.000 km-koa bait zen.

Flinders-eko unibertsitateko François Chamalaun-ek aurkitu du korronte hau, eta berak dioenez, antzeko beste korronte batzuk izan daitezke beste kontinenteetan. Korronte hauek, orain dela ehundaka milioi urte lur-masek talka egin zutenean sortu ziren. Chamalaun-en arabera korrontea lurraren eremu magnetiko aldagarriak sortzen du.

Aurkikuntza honen inguruan, Australiako Baliabide Mineralen Bulegoak Australian inoiz gertatu den programa geomagnetikorik zabalena eratu du. Horretarako, oso sentikor diren 54 magnetometro sarea osatuz kokatu dira. Gailu hauek korronte elektrikoa detektatu dute lurrazpian 15 eta 45 km bitarteko sakoneran. 50 eta 200 km bitarteko zabalera du.

Korrontea Australiako iparmendebaldean dagoen Broome-tik sartzen da, hegoaldera joaten da eta ondoren iparralderantz egiten du eta Carpentaria-ko golkoan dagoen Queensland-etik irteten da. Korronte nagusiaren adar bat Bidsville-n hasten da eta hegoaldean dagoen Spencer-eko golkoraino iristen da.

Korrontea harkaitzen artean dauden hausturen artean doa. Haustura hauek lur-masa handiek elkarren kontra talka egin zutenean gertatu ziren eta fluido alkalinoak dituzte, hauek oso eroale onak direlarik. Korrontea oso ahula da eta lanpara bat pizteko behar den potentzia ez luke emango, baina petrolio- edo gas-poltsak eratzea eragingo luke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila