Orain arte Lurra sortzeko prozesuak 50 milioi urte inguru iraun zuela uste bazen ere, 20 milioi urte bakarrik behar izan zirela ondorioztatu du New Jerseyko Unibertsitateko zientzialari-talde batek.
Isolamendu-teknika berritzaileak erabili dira meteoritoetatik hartutako niobioaren eta zirkonioaren forma erradioaktiboak aztertzerako orduan, elementuak laginetan bertan isolatzea lortu baita lehenengo aldiz. Kanpotik inongo eraginik egon ez zedin, metodo oso bereziak erabili dira: kanpoko eraginaren aurkako aire bidezko iragazkiak, banaketarako tresna magnetikoak eta bereizte-kimikorako teknika ugari.
Meteoritoak eguzki-sisteman aztertu ahal ditugun egitura zaharrenetarikoak dira. Beraien osagaiak aztertuz, posible da eguzki-sistemaren eraketako gertakari nagusiak zein izan ziren eta nola gertatu ziren jakitea, gorputz horiek irten ziren lekuko aldaketen arrastoak gordetzen baitituzte euren baitan.