Lur poluituak metala metatzen duten landareekin garbitu nahi dituzte

AEBetako Purdue Unibertsitateko zientzialari batek zenbait landarek metalak metatzeko duten ahalmenaren informazioa gordetzen duen genea identifikatzea eta klonatzea lortu du. Geneak Thlaspi goesingense espezieko landaretik atera ditu, Austriako Alpeetan bizi den eta nikela metatzen duen landaretik.

David E. Salten arabera, metalak metatzeko gai diren 350 espezie inguru ezagutzen dira, eta nikela, zinka, kobrea, kadmioa, selenioa eta magnesioa metatzen dituzte, besteak beste. Landare arrunt batean, nikelaren kontzentrazioa milioiko 10 eta 100 artekoa izan daiteke. Thlaspi geosingense landarean, ostera, milioiko 10.000 izatera hel daiteke.

Zientzialarien helburua genea gehitutako landareak metalekin poluitutako lurrak garbitzeko erabili ahal izatea da. Metala metatzen duten landare naturalak ez dira egokiak zeregin horretarako, txikiak direlako eta astiro hazten direlako. Horregatik, klonatutako genea horretarako egokiagoak diren landareei gehitu nahi diete, adibidez, belarrei.

Metalak metatzearen arrazoia ez dute oso argi zientzialariek. Landareen zeluletako bakuoletan metatzen dira, baina oraindik ez dakite oso ongi zergatik landare batzuek besteek baino metal gehiago metatzen duten. Teoria baten arabera, badirudi landareek hainbat intsekturen erasoaren kontrako arma gisa erabiltzen dituztela.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.