Louis-Jacques-Mande Daguerre

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Oraintxe dela berrehun urte, 1789.eko azaroaren 18an, jaio zen Cormeilles-en, eta Paris ondoko Bry-sur-Marne-n hil zen 1851.eko uztailaren 10ean.

Oraintxe dela berrehun urte, 1789.eko azaroaren 18an, jaio zen Cormeilles-en (Le Havre-tik gertu) deitura euskalduneko artista frantses hau.

Lanbidez pintore zen, eta teatroko eszena-dekorazioak egiteko ardura zuen. Diorama izeneko efektu optikoak lortzen zituen, dekoratuetan benetako objektuak ipiniz. Gero benetako objektuak beste batzuez ordezkatzen zituen, eta horrela lortzen ziren efektu desberdinak.

Efektu optikoen arloan, "kamera iluna" aurkikuntza interesgarria zen. Eguzki-izpiak zulo txiki batetik sartzen ziren kameraren barrura eta barruko pantaila batean kanpoko irudia garbi markatzen zen. Joseph Nicephore Niepce jaunak 1822. urtean lortua zuen kamera barruan irudi iraunkorra, baina honetarako zortzi ordu behar izaten ziren esposizioan bakarrik. Daguerre Niepce-rekin elkartu zen eta sistema hobetzen ahaleginak egin zituen.

Zilar gatzak zituzten kobrezko plakak erabiltzen hasi zen. Sistema haren bidez esposizioan 20 edo 30 minutu "bakarrik" behar ziren. Argiak erasotako alderdia ilundu egiten zen, ilunpekoak lehen bezala irauten zuen bitartean. Aldatu gabeko gatzak, sodio trioxodisulfato (VI)tan disolbatzen ziren eta irudi iraunkorra lortzen zuen; daguerrotipoa alegia.

Daguerrotipoa ez zen oso sistema azkarra, baina eguzki-izpiz zehatz-mehatz eta akatsik gabe pintatutako koadroaren ideiak indar hartu zuen berehala.

1840. urte inguruan metodo hau zeruko izarren argazkigintzarako erabiltzen hasi ziren (Secchi-k adibidez) eta harez gero astronomian aplikazio ugari izan zuen daguerrotipoak.

"Lemuel Shaw" A.S. Southworth J.J. Hawes-en daguerrotipoa
1851

Jendearen ustetan Daguerre da fotografiaren asmatzailea, baina arazoa ez dago hain garbi, asmakuntza horretan apurka-apurka pertsona askok parte hartu zutelako. W. Talbot ingelesa adibidez, horietako garrantzitsu bat izan zen.

Denboran zehar, Daguerreren sistemari hobekuntzak egin zizkioten, baina mende erdi batez kimikarako trebetasuna zuten gutxi batzuk besterik ez ziren argazkilari. George Eastman-ek 1884.ean pelikula fotografikoa patentatu zuenez gero ordea, argazkigintza milioika pertsonengana hedatu da.

Dena dela, argazkigintzaren lehen urratsak eman zituen eta euskal deitura zuen Daguerre famatua, Paris ondoko Bry-sur-Marne-n hil zen 1851.eko uztailaren 10ean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila