Loaren neuronak

Lotan, histamina jariatzen duten neuronek eta serotonina eta noradrenalina jariatzen dituztenek ez dute era berean jokatzen.

Lotan, histamina jariatzen duten neuronek eta serotonina eta noradrenalina jariatzen dituztenek ez dute era berean jokatzen. Antza denez, histamina jariatzen duten neuronak loaren alde mentalarekin daude erlazionatuta, eta besteak alde fisikoarekin.

Ikerketa egiteko txakur narkoleptikoak erabili dituzte. Narkolepsia lo egiteko joera saihestezina da, eta askotan katalepsia-atakeak izaten dira. Katalepsian gorputza guztiz lasaitzen da, lo egongo balitz bezala, baina buruak erne jarraitzen du. Bada, katalepsia-egoeran zeuden txakurren hipotalamoko neurona jakin batzuen aktibitatea neurtuta ikusi dute serotonina eta noradrenalina jariatzen dituzten neuronak ez direla aktiboak; bai, ordea, histamina-neuronak.

Horrek esan nahi du gorputza esna mantentzen laguntzen dutela serotonina- eta noradrenalina-neuronek, eta histamina-neuronek, aldiz, burua erne egoten. Horrek azal dezake, esate baterako, zergatik ematen duten logura antihistaminikoek.

Dena dela, mutazio genetiko baten bidez eragin zitzaien katalepsia txakur haiei, eta, zenbait ikertzaileren arabera, baliteke lortutako emaitzak ez balio izatea lo-esna prozesu normaletarako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila