Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko Joaquin Duran medikuak eta bere taldeak egindako ikerketaren arabera, europarren % 26k baino gehiagok orduko 5 aldiz uzten dio arnasa hartzerari lo dagoen bitartean. Datuak lau urtetako ikerketaren emaitza dira. Bitarte horretan 1.050 gizonezko eta 1.098 emakumezko aztertu dituzte, ondoko emaitzekin: gizonezkoen % 26,2k eta emakumezkoen % 28k orduko bost aldiz gutxienez uzten dio arnasa hartzeari. Duran medikuaren ustetan, lortutako emaitzak Europako beste herrialdeetara zabal litezke. Datuak kezkagarriak dira, arnas-uzte horiek normaltasunaren mugetan baitaude.
Arnas-uzteak gehienetan eztarriko ehunak buxatzen direlako gertatzen dira eta gutxienez 10 segundoko iraupena dute. Arnas-uzteen eraginez egunean zehar esna mantentzeko arazoak izan ohi dituzte gaixoek eta auto-istripuak izateko arriskua sei aldiz handiagoa da. Arazoa konpontzeko, gaixoak arnasa hartzen lagunduko dion mozorro batekin lo egin dezala gomendatzen dute medikuek. Mozorroak sudurrean presioa egiten du eta etengabe igarotzen ari den aireak eztarriaren buxadura galarazten du.