Lemure-fosil bat Pakistanen aurkitu dute

Lemureak Madagaskarren bizi dira. Afrikako uharte horretako fauna eta flora ez dira kontinente horretako beste edozein lurraldetakoen parekoak. Primate horiek duela 60 milioi urte agertu zirela uste dute zientzialariek, baina orain arte ez da 40.000 urte baino gehiagoko fosilik aurkitu Madagaskarren. 1999an, ikertzaile frantziar batzuek lemure baten hortz fosildu bat aurkitu zuten Pakistanen, 30 milioi urte ingurukoa.

Fosil horrek lemureen jatorri asiarraren hipotesia indartzen du. Madagaskar duela 88 milioi urte banatu zen Asiatik. Zientzialarien arabera, lemureak kontinente horretan azaldu ziren, eta, beste uharte txiki batetik, Madagaskarrera migratu zuten. Gaur egun, Madagaskar Afrikatik oso gertu dago, baina arrazoi asko dago han bizi diren espezieen jatorria Asia dela pentsatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila