Leku hezetako distira: Anagallis tenella

FITXA TEKNIKOA Anagallis tenella

Familia hau, San Jose lorea aztertu genuenean ezagutzeko aukera izan genuen eta oraingo honetan Anagallis generoari ekingo diogu. Aipatu genero horren barruan, 20 espezie inguru izendatu dira, planetako zona epeltsuetan bereziki banatzen direlarik. Euskal Herriari dagokionez, 3 espezie eta subespezie bat aipatzen dira.

J. Terés

Anagallis tenella espeziea belarkara bizikorra da, herrestaria eta nahikoa txikia, 5-15 cm artekoa. Hostoak oso txikiak, aurkakoak eta hosto-txortena oso laburra izaten dituzte. Loreak, bakartiak, hosto-galtzarbetan azaltzen dira. Inbutu formako korola txikiak, arrosa motel kolorekoak dira, nahiz eta zenbaitetan zuri izan. Udaberri bukaeran edo uda hasieran loratzen da. Fruitua berriz, 2-4 mm-ko kapsula bat da, barruan 6-12 hazi garatzen dituelarik.

Landare honen banaketari dagokionez, Europako mendebalde eta erdi aldean aurkitzen da, Sardinia, Kreta eta Afrikako iparraldean ere aurki daitekeelarik. Euskal Herrira mugatuz, 0-1.400 metro bitartean bizi da orokorrean, nahikoa banatua, nahiz Kantauri aldeko guneetan errazago banatzen den. Leku hezeak eta silizeodunak oso gogokoak ditu, ohiz zona hauetara mugatzen delarik: zingirak, iturburuak, zoikaztegiak eta erreka ertzak.

Sendabelartzat erabili izan ohi da, sugegorriak egindako hozkadaren aurka nahiz amorruaren kontra. Bestalde, aipatu behar dugu ere, ornamentaziorako erabili izan dela landare polit hau.

Genero hau, berriro aztertzeko aukera izango dugu, gure artean oso ezagun eta arrunta den pasmo-belarra landarearekin.

Familia: primulazeoak
Espeziea: Anagallis tenella
Banaketa: banatua
Habitata: zingirak , iturburu eta erreka ertzetan
Sendabelarra: bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila