Lehen taupadaren unea

Bihotza eratu eta lehen taupada ematen duen unea berezia eta komuna da espezie guztientzat eta Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek une hori behatzea lortu dute. Oinarrizko bihotza enbrioiaren alde banatan kokatutako bi hodik osatzen dute. Une batean hodiak molekula zehatzaren agindupean elkartu eta taupadak hasten dira.

Behaketa arrain-espezie garden baten enbrioian egin da eta, antza denez, enbrioiaren bi hodiak SP1 molekula ezagunaren ondorioz elkartzen dira. Molekula horrek zelulak ugaldu, horiek bizirik mantendu eta zauriak sendatzeko unean zeregin garrantzitsua dauka.

Dena den, bihotza eratzeko egiten duen lanak ikertzaileak harrituta utzi ditu. Izan ere, orain arte bihotzaren eratze-lanetan proteinak soilik detektatu dira. SP1 molekula, berriz, lipidoen taldekoa da. Nolatan dauka, orduan, hain lan garrantzitsua enbrioia garatzen? Ikertzaileen ustez, gakoa SP1 lipidoak zelulak elkartzeko duen gaitasunean egon daiteke. Dena den, SP1 molekula era guztietako organismoetan dago, hala nola gizaki eta landareetan.

Ikertzaileek aspalditik ezagutzen dute eta badirudi bizidunek antzinatik erabili dutela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila