Mycobacterium leprae legenarraren bakterioaren lehen jomuga Schwann zelulak dira. Zelula horiek nerbioak inguratu eta babesten dituzte, eta, zauriak gertatzen direnean, nerbioak berritzeko eta osatzeko ahalmena dute. Edinburgoko ikertzaileek saguen Schwann zelulak isolatu dituzte, eta bakterioarekin infektatu dituzte. Orduan ikusi dute bakterioak Schwann zelulen berezko ahalmena aktibatzen dutela, eta, horren bidez, zelula ama bilakatzen dituztela.
Infektatutako zelulek muskuluetara eta nerbio-sistemara migratzen dute, eta ehun horren zati bihurtzen dira. Hori egitean, bakterioari ehun berriak infektatzen laguntzen diote. Ikertzaileen esanean, litekeena da mekanismo hori bera egotea beste gaitz batzuen oinarrian, hala nola minbizian eta gaixotasun metabolikoetan.
Cell aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, aurkitutako mekanismoaren berri emateaz gain, ikertzaileek aurreratu dute litekeena dela egunen batean laborategian mekanismo hori bera erabiltzea, zelula amak lortzeko eta zenbait gaixotasunen aurkako tratamenduak garatzeko.