Legena sendatzeko urte batzuk behar izaten dira. Baina aurkitutako antibiotiko baten bidez denbora luze hori hilabetera labur daiteke. Munduko Osasun-Erakundeak antibiotiko berri hau Afrika eta Asiako zenbait legendundegitan erabiliko du saiakuntza gisa. Saiakuntza hau arrakastatsua baldin bada, gaixotasunaren tratamendu-kostuak izugarri murriztuko dira eta hori garatu gabeko nazioen pobrezi karga txikiagotzeko ona izango litzateke.
Antibiotiko honen izena ofloxazina da eta joan den hamarkadaren erdi aldetik aurrera bakterio-infekzio askotan erabili da. Orain arte animaliengan egindako saiakuntzek, legena sortzen duen Mycobacterium lepraeren hiltzaile ona dela frogatu dute.
Legena sendaezina zen, 1940. urte inguruan dapsona aurkitu arte. Dapsona eraginkorra da eta legenaren bakterioa % 99tan hiltzen du. Botika honen alderdirik negatiboena oso poliki eragitea da eta horregatik urte batzuk behar izaten dira erabat sendatzeko.
Baina, 1970-1980 hamarkadaren erdialdean, arazo larri bat agertu zen. Legena zuten pertsonetatik % 30 ez zuen dapsonak sendatzen, hau da, dapsonaren eragina bakterioarengan gero eta txikiagoa zen.
1981. urtean Munduko Osasun-Erakundeak rifampizina eta klofazimina ere erabiltzea aholkatu zuen. Estrategia berri honi botika anitzeko terapia deitu zitzaion.
Botika hauetan ahaltsuena rifampizina da. Beraz, botika honekiko erresistentzia txikia aurkezten duen legena 6 hilabetean senda daiteke. Aldiz, botika honekiko erresistentzia agertzen badu eta beraz, dapsona eta klofazimina erabili behar badira, legena sendatzeko urte batzuk igaro beharko dute.
Une honetan, itxaropena ofloxazina da, baina susmo onak baieztatzeko urte batzuk igaro beharko dute.