Laser-pultsuak hodeiak ereiteko erabil litezke
Aire hezean potentzia handiko laser-izpiak igorrita (5 x 1012 wattekoak), ur-tantak eratzea eragin daiteke, Berlingo, Alemaniako, Suediako eta Frantziako ikertzaile-talde batek Nature Photonics aldizkarian azaldu duenez. Laserra erabilita errazago eragin daiteke hodeiak eta euri-tantak eratzea gaur egungo teknikak erabilita baino.
Gaur egungo teknika nagusia atmosferara zilar iodurozko partikulak edo antzekoak igortzea da (hodeiak ereitea esaten zaio). Partikula horiek kondentsazio-gune gisa aritzen dira; hau da, inguruan ur-molekulak pilatzea eragiten dute, eta, hala, euri-tantak eratzen dituzte. Alabaina, ikertzaileek ez dakite ziur zenbaterainoko eraginkortasuna duen sistema horrek, eta ingurumenean izan dezakeen eraginak ere kezkatzen ditu.
Laser-sistema berriarekin egindako entseguetan, hainbat hezetasun-mailatako airean 10-13 segundoko laser-pultsuak igorri dituzte ikertzaileek. Eta ikusi dute hezetasun handiko kondizioetan, laser-pultsuak igorri baino lehen zeuden tantak halako hogei zeudela pultsuak igorritakoan.
Emaitza horiek lortuagatik ere, ikertzaileek adierazi dute hainbat urte beharko direla egindako esperimentu hori erabilgarri izatera iristeko. Besteak beste, potentzia eta eraginkortasun handiagoko laserrak garatu beharko dituzte, eta, horretarako, behatutako efektuaren atzean dauden printzipio fisikoak zehaztu beharko dituzte.