XXI. mendean ongi sartuta gauden arren, ezagutzen ez zen organo bat topatu diote laborategiko saguari. Saguek timo bakarra zeukatela uste izan da orain arte -timoa sistema immunologikoko organoa da, bularraldean kokatua-, baina zenbait saguk bigarren bat daukate lepoaldean. Ulmeko Unibertsitateko (Alemania) Hans-Reimer Rodewald ikertzaileak egin du aurkikuntza, eta, aitortu duenez, bi hilabetez ibili da ezin sinistu. Aurkikuntzak immunologiari buruzko hainbat uste hankaz gora jarriko dituenez, polemika mahai gainean dago.