Iparramerikar kimikari-talde batek kontaktu-lenteak egiteko erabiliko den material polimeriko berria sortu du. Material honekin egindako kontaktu-lenteak orain artekoak baino askoz erosoagoak izango dira eta infekzioen arriskua txikiagoa izango da.
Zientzialariek hidrogelak erabili dituzte, polimeroz osatutako sare fin batzuez osaturiko materialak. Sare hauek ura zurgatzeko ahalmena dute eta, ondorioz, konposatu bigunak sortzen dituzte.
Zenbat eta ur gehiago zurgatu, hainbat eta bigunago bihurtzen dira eta, beraz, begietarako kontaktu-lenteak egiteko erabat aproposak dira, Houstongo Rohm and Texas Inc. konpainiako Ravi Mukkamala kimikariaren esanetara. Orain arte ura zurgatzeko ahalmena zuten materialek proteinak ere erakartzen zituzten, begietan infekzioak sortuz eta ikusmena kaltetuz. Fenomeno hau saihesteko, Mukkamala eta bere lankideek sulfoxidoak erabili dituzte, ioiak erabili ordez. Sulfoxidoak, polaritate altua dutenez, ura erakartzen dute, baina ioiek ez bezala, ez dituzte kargadun proteinak erakartzen.