Konposizio anitzeko nanoalanbrea

Konposizio anitzeko egitura laser mikroskopikoetako ispiluak egiteko edo argia harrapatu eta gordetzeko erabiltzen da. Gaur egun, erdieroaleen geruzez egindako sandwichak zatituz egiten da. Harvard Unibertsitatean, berriz, lurrunetik abiatuta sintetizatu dute. Duela bi urte, nanoalanbre erdieroaleak egiteko teknika hobetu zuten. Alanbrearen muturrari itsasten zitzaion katalizatzaile-tanta bat erabiliz, lurrundutako atomoak harrapatu eta alanbrea osatu zuten.

Alanbre oso finak egitea lortu zuten, merkatuan dauden txikienak baino meharragoak, alanbrearen loditasuna partikula katalizatzailearen tamainarekin kontrolatuz. Orain, teknika beraz baliatu dira konposizio anitzeko nanoalanbrea egiteko. Laser baten bidez partikula erdieroaleak lurruntzea lortu dute, ondoren alanbre gisa kondentsa daitezen. Konposizio-aldaketa egiteko, hazten ari den alanbrea beste atomo-mota bat duen lurrunetan jarri dute. Oraingoz, galio fosfuroa eta galio artseniuroa txandaka dituen alanbrea sintetizatu dute, 20 nanometro zabal dena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila