Asko harritu ginen, gure gorrotzen biltzaile eta desagertzaile den komuna ikerketa zientifiko baten gai zela jakin genuenean. Ikerketa artistikoa onar genezake, forma estetikoa hobetzeko edo. Baina zientifikoa egiteak barregurea eman zigun lehendabizi. Hala ere gaia sakondu ahala, txantxatan ibiltzekoa ez zela ikusi genuen.
Azterketa, Britainia Haundian burutu dute eta emaitzak txosten mardul batean bildu dituzte. Azterketak helburu zehatz eta ulergarri bat du: libratu ondoren komuneko zuloa garbitzeko behar den ur-kantitate minimoa mugatzea. Beste hitz batzuetan esanda, ur preziatua alferrik ez galtzea zegoen azterketa bitxi honen atzean.
Egun Britainia Haundian erabiltzen diren komunak 9 litro ur erabiltzen dituzte deskarga bakoitzean. Ezarri diren arau berrien arabera, 1993.etik aurrera jarritako komunek gehienez 7,5 litro ur erabili beharko dituzte deskargan. Azterketak adierazi duenez, oraingo diseinua erabiliz 6 litro ur nahikoa izango lirateke mokordorik itsaskorrena ere eramateko. Aldaketa txiki batzuk eginez (ur-sarreren banaketa hobetu eta kiratsak baztertzeko erabiltzen den S itxurako tutuak eduki dezakeen ur-kantitatea txikiagotuz) 4 litro ur aski lirateke.
Komunak probatzeko egin diren saioak kuriosoak izan dira. Paperekin egindako saioetan, 12 orritxo zimur-zimur eginda banan-banan botatzen ziren komunera eta ondoren ura deskargatzen zen. Komuna egokia izan zedin 5 deskargatatik lautan paperak eraman egin behar zituen. Morkordo moduan, material ez-absorbentea, 1,08 dentsitatekoa eta 43 mm-koa, erabili zen.
Suediarren komun honek 3 litro ur bakarrik behar ditu.