Koloneko minbiziaren eraginez ebaketa jasan dutenek, minbizia berriz sortzeko arriskua izaten dute. Gainera orain arte, ez da minbizia aurrikusteko biderik egon.
Montrealen dagoen McGill unibertsitateko eta Royal Victoria ospitaleko ikerlari-talde batek aurkikuntza garrantzitsua egin du koloneko minbiziaren alorrean. Koloneko minbiziaren eraginez hildako pertsonen kolon-ehunetan, proteina jakin baten kontzentrazioa minbiziaz bost urte edo gehiago irautea lortu dutenengan baino askoz ere handiagoa zela konturatu ziren. Proteinaren izena PCNA da eta zelulen banaketa-prozesuarekin lotuta dago. Proteina hau identifikatu ahal izateko, PCNA besterik ezagutzen ez zuen antigorputz monoklonal bat erabili zuten.
Ikerlari-taldeak dioenez, ebaketa jasandako gaixoen erdiari, gutxi gora-behera, gaixotasuna berriz sortzen zaio. Ikerketa burutzeko 40 gaixoren kolon-zatiak aztertu zituzten. Zati hauetan zelula kantzerigenoekin batera ehun normalak zeuden eta zelulen PCNAren kontzentrazioa zenbatekoa zen jakiteko “proliferazio-indize” deritzona erabili zuten. Azterketa honetatik, hildako pertsonen zelula kantzerigeno eta normalek bizirik zeudenenek baino “proliferazio-indize” handiagoa zutela ondorioztatu zuten.
Ikerketak aurrera egingo badu ere, badirudi lehenengo ondorioak kolon-kantzerraren eraginez ebaketa jasan izan dutenengan jadanik aplikatzen has daitezkeela. Nahikoa da test bat egitea eta PCNAren maila jakitea, minbizia berriz sortu aurretik erremedioak (normalean kimioterapia) aplikatzen hasteko.