Antigenoak mikrokapsulatuta, koleraren aurkako txerto inaktibatu bat lortzeko bidea ireki du EHUko Farmazia Fakultateko Marta Pastor ikertzaileak. Ikertzaileak erakutsi du mikrokapsulatutako txertoa kolera inaktibatua bezain eraginkorra dela, baina erraz dosifikatu eta manipula daitekeen hautsa izatearen abantailarekin, eta, gainera, txertoa garraiatzea eta banatzea horrenbeste garestitzen duen hotz-katea saihestu egingo litzatekeela.
Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldean egin du lan Pastorrek, Kubako Finlay Institutuarekin lankidetzan. Txertoa mikrokapsulatzea "spray drying" edo atomizazio bidezko lehortze-teknikaren bitartez egin zen, eta polimero gastroerresistenteak erabili ziren. Hala, mikrokapsulek botika urdaileko azidoetatik babesten dute, batetik, eta, aldi berean, edukia duodenoan askatzeko gai dira, koleraren aurkako erantzun immunea sortzen den tokian.
Mikrokapsulek aukera ematen dute mihipeko konprimatuak, kapsulak edo aho bidezko suspentsioak erraz prestatzeko. Halaber, urtebete 25 ºC-ko tenperaturan egon eta gero eraginkortasunik galtzen ez dutenez, posible izango litzateke txertoaren garraioa eta banaketa horrenbeste garestitzen dituen hotz-katea saihestea.
Gaur egun koleraren aurkako txertoak eraginkorrak direla frogatuta dago. Alabaina, prezioa nabarmen merkatuko litzateke hotz-katea saihestea posible izango balitz, eta, gainera, gaixotasunaren kontrako borroka hobetu egingo litzateke. Izan ere, XIX. mendetik ezagutzen den arren, gaur egun, oraindik, urtean 100.000 eta 120.000 heriotza inguru eragiten ditu kolerak.