Klima-aldaketagatik galtzeko arrisku handiena duten espezieak identifikatzeko gakoak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

klima-aldaketagatik-galtzeko-arrisku-handiena-dute
Andalusiana sp. trilobita, Marokon hartutakoa eta gaur egun New Jerseyko museoan. Arg. Skye McDavid/CC BY-SA-4.0

Klima-aldaketa dela eta, animalia-espezieak galtzera eraman ditzaketen aldagaiak identifikatzen saiatu dira Oxford Unibertsitateko ikertzaileak, erregistro fosilean oinarrituta. Science aldizkarian argitaratu dituzte ondorioak, eta baieztatu dute bizirik irauteko aukera gehien duten animaliak eremu geografiko handia hartzen duten espezieak direla.

Ikertzaileek 9.200 generotako 290.000 fosil baino gehiago aztertu dituzte, jakiteko zein aldagai diren gako klima-aldaketei aurre egiteko; adibidez, bizirauteko behar duten tenperatura-tartea. Hala, ikusi dute klima-aldaketa handiak jasaten dituzten espezieek galtzeko arrisku handiagoa dutela. Adibidez, aro geologikoen zehar 7 ºC-ko baino gehiagoko aldaketa izan duten espezieak dira galtzeko arrisku handiena izan dutenak.

Horrez gain, bereziki zaurgarriak dira muturreko klimetara egokitutako animaliak (adibidez, poloetakoak) eta tenperatura-tarte txikian bizi direnak (15 ºC-ko tartean). Gorputz txikia dutenak ere handiak baino errazago galtzen dira.

Bestalde, azpimarratu dute, aldagai horien eragina gehitu egiten dela; alegia, espezie jakin bati aldagai horietako batek baino gehiagok eragiten badio, arrisku handiagoa du bakarrak eragiten dionak baino. 

Ikertzaileen esanean, azterketa baliagarria da gaur egun espezie zaurgarrienak zein diren jakiteko, eta haiek babesteko estrategiak diseinatzeko.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila