Kilogramo berria denontzat

Kilogramo berria denontzat
2007/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: J. Zens)

Zenbat da kilogramo bat? Noski, badakigu zenbat den kilogramo bat, eta, hala ere, galdera hori zentzuzkoa da, kilogramoa gizakiak asmatutako neurri bat baita, hau da, masa neurtzeko adostu duen erreferentzia bat. Eta, orduan, zein da erreferentzia hori? Bada, berriz: zenbat da benetako kilogramo bat? Erantzuna da Parisen dagoen platino-iridio puska baten pisua dela kiloa. Prototipo bat. Baina arazo bat dago: urteen poderioz, Parisko kilogramoak gorabehera asko izan ditu, eta baliteke dagoeneko ez pisatzea kilo bat. Horregatik, ordezkatu egingo dute.

Alemaniako zientzialari batzuk konturatu ziren horrekin. Beste hainbat herritan bezala, Alemanian Parisko prototipoaren kopia bat dago; kopia hori neurtuta ikusi zuten zientzialariek prototipoak ez duela pisatzen zehatz-mehatz kilogramo bat. Urtetan egindako garbiketa-lanek ia 0,1 miligramoko gorabehera eragin diote pisuari. Zientzialarien ustez, Pariskoak arazo bera izan dezake.

Berlinen, Kristalak Hazteko Institutuan, konponbide bat proposatu zuten: atomo-kopurua neur dakiokeen prototipo bat egitea. Proposatu eta egin; siliziozko prototipo berri bat egin dute. Silizio-28 isotopoarekin egin dute, eta sei hilabete eman dituzte ezpurutasunak kentzen, 10 milioi atomotan silizioa ez den atomo bakar bat izan arte gehienez.

Proiektua ez dago bukatuta. Bost kiloko prototipoa osatu dute. Datorren urtean, zehatz-mehatz kilo bat pisatzen duten bi esfera landuko dituzte, eta kilogramoaren prototipo zaharra ordezkatuko dute.

Prototipo berriak 2 milioi euro balio du, masa bereko urre-puska batek baino hogei aldiz gehiago. Hala ere, adituen ustez, proiektuak merezi du, ezinbestekoa baita erreferentzia oso zehatz bat izatea. Kimikaren eta fisikaren munduan (eta, beraz, ingeniaritzan, farmazian eta abarretan ere bai), 0,1 miligramo baino askoz kantitate txikiagoekin egiten da lan. Horregatik da ezinbestekoa zehaztasun handiz jakitea zenbat den kilogramo bat.

1
233
2007
7
014
Fisika
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila